2018an, guztira 3.699 jakinarazpen transmititu ziren elikagaiekin eta pentsuarekin lotutako alerta azkarren sistemaren bidez (RASFF). Jakinarazpen horietatik 1.118 alerta gisa sailkatu ziren, 493 segimendu-txosten gisa, 675 ohartarazpen gisa, 1.401 mugako ukatze gisa eta 12 informazio-jakinarazpen gisa.
2017. urtearekin alderatuta, osasunerako arrisku larria dakarten alerta-jakinarazpenen kopuruak % 19 egin zuen gora (% 13 segimendu-txosten gehiago egin ziren).
Alerten gorakada esanguratsua izan da bosgarren urtez jarraian.
Jakinarazpenak produktuekiko:
Kutsadura biologikoa
Herrialde kideetako RASFF jakinarazpenen zati handi bat animalia-jatorriko elikagaietako mikroorganismo patogenoei dagokie nagusiki.
Salmonella
Salmonella da, berriro ere, herrialde kideetako elikagaietan gehien jakinarazten den patogenoa (246 jakinarazpen, % 19 gehiago), eta gauza bera gertatzen da kide ez diren herrialdeetan ere (304 jakinarazpen).
Jakinarazpen gehienak haragiarekin lotutakoak dira, batik bat eskortako hegaztien haragiarekin, eskortako hegaztien haragi freskoan Salmonella typhimurium eta enteritidis kasurik egon ez dadin elikagaiak kaltegarriak ez izateko irizpideak direla eta.
Askotan errepikatzen diren jakinarazpenei dagokienez, Salmonellari buruzko 47 jakinarazpen egon ziren Poloniako hegazti-produktuei lotuta; gehienak hegazti-haragi freskoan aurkitutako Salmonella enteritidisari buruzkoak ziren (34 jakinarazpen). Bi langile identifikatu zituzten behin baino gehiagotan.
Listeria
Listeria monocytogenes bakterioarekin kontaminatutako elikagaiak animalia-jatorrikoak izaten dira nagusiki. Dena den, zenbait herrialdetan gertatutako agerraldi nagusia arto izoztuak eragin zuen. Hain zuzen, Listeriagatiko kontaminazioa ez da soilik haragian agertzen; beste elikagai batzuei ere eragin diezaieke, batik bat kontsumitu aurretik tratamendu termikorik jasotzen ez dutenei.
Listeria monocytogenes bereziki arriskutsua –eta, are, hilgarria– da immunitate-sistema ahuldua duten pertsonentzat.
Kontaminazio kimikoa
Alergenoak
Hauek dira gehien jakinarazten direnak: esnea, glutena eta intxaurrak. Jakinarazpen gehienek lotura izaten dute platerekin, prestakinekin eta snack-ekin.
Askotan, alergenoen aztarnak jakinarazten dira beste zenbait elikagaitan ere, kontaminazio gurutzatuaren ondorioz.
Mikotoxinak
Oro har, elikagaietako mikotoxina-mailek ez dute eragin kaltegarri akuturik eragiten kontsumitzaileengan. Alabaina, esposizio kronikoak arrisku esanguratsua ekar dezake kontaminatutako produktuak sarri kontsumitzen dituztenentzat, bereziki aflatoxinak dituzten elikagaien kasuan.
B1 aflatoxina substantzia kantzerigeno eta genotoxikoa da, eta ez dago benetako kontsumo-maila segururik substantzia horrentzat. Hori dela eta, ALARA printzipioa aplikatzen da, eta ezarritako lege-muga ahalik eta baxuena da.
Plagiziden hondarrak
Jakinarazpen gehienek frutekin eta barazkien dute zerikusia; izan ere, horiek ekoiztean egin ohi dira plagizidekin lotutako arau-hauste gehienak. Nabarmentzekoa da “kakaoa eta kakao-prestakinak, kafea eta tea” kategoriako jakinarazpen guztiek tearekin dutela zerikusia, batez ere Txinako tearekin (15 jakinarazpen).
Elikagaiak ukitzen dituzten materialak
Elikagaiak ukitzen dituzten materialei buruzko jakinarazpenen kasuan, 2018an eten egin zen beheranzko joera, horien kopuruak % 17 egin baitzuen gora (hala ere, guztizko jakinarazpenen % 3,8 baino ez zuten hartzen).
Azkenik, hemen aurki ditzakezu jakinarazpen guztiak, arrisku motaren eta arrisku potentzialaren arabera.





