Parametro asko hartu behar dira kontuan eskularruen materiala aukeratzean: erresistentzia, alergenotasuna, egokitasuna/erosotasuna, kolorea, etab. Dena den, edozein aukeratzen dugula ere, erabilera horretarako eskularru gisa identifikatuta egon beharko dute (edalontziaren eta sardexkaren piktograma).
Hauek dira gomendio aipagarrienak:
Alergenotasuna: kontuz latexarekin eta kontserbatzeko hautsa duten eskularruekin
Latexezko eskularruak saihestu egin behar dira, pertsona batzuek alergia baitiote substantzia horri.
Bestetik, latexak erreaktibotasun gurutzatua du fruta batzuekin, hala nola kiwiarekin, platanoarekin, ahuakatearekin eta gaztainarekin.
Oro har, kontserbazio-sistema gisa hautsa duten eskularruak saihestu behar dira; izan ere, normalean hauts hori landare-almidoia izaten bada ere, elikagaietara irits daiteke.
Kolore urdinekoak erabiltzea gomendatzen da
Oso egokia da kolore urdineko eskularruak erabiltzea; hartara, eskularruen zati bat elikagaietara iristen bada, erraz bereizi ahal izango dugu.
Plastikoak ukimen-sentsazioa murrizten du
Eskularruaren materiala garrantzitsua da. Adibidez, plastikozko eskularruak ez dira ondo egokitzen eskuetara eta ez dira batere gomendagarriak, ukimen-sentsazioa asko murrizten dutelako.
Materialek eragina dute kontaminazio gurutzatuan
Nitrilozko eskularruek, beren konposizioari eta egiturari esker, ez dute kontaminazio gurutzatuaren iturri gisa funtzionatzen, gutxienez ez beste batzuk bezainbeste. Gainera, erresistenteagoak dira eta ez dute osagairik transferitzen, ez elikagaietara ez horiek manipulatzen dituen pertsonarengana.
Binilozko eskularruen mugak
Ez da inola ere binilozko eskularrurik erabili behar koipe askoko elikagaiekin, haragiarekin, alkoholak dituzten elikagaiekin edo eskuak bustitzen dizkiguten produktuekin; izan ere, biniloak elementu plastikotzaileen (ftalatoak) transferentzia areagotzen du eta kontaminazio gurutzatua ahalbidetzen da.

